Ikastolok, euskaraldia bultzatzen

 

Berrogeita hamar urte bete ditu euskara batuak, eta euskaldun orok goitik ospatzeko motiboa bada, euskararen normalizaziorako ezinbesteko urratsa egin baitzen duela mende erdi bat Arantzazun, Euskaltzaindiaren eskutik. Egun, inoiz baino euskal hiztun gehiago ei gara. Bada ordua, beraz, erabileran ekiteko. Euskaraldiak jarriko al du mugarri bat, 50 urte atzerago euskara batuak jarri zuenekoaren pareko?

Euskara dakitenek euskaraz egiten eta euskara ulertzen dutenak euskara entzuten jarri nahi ditu Euskaraldiak. Eragile eta erakunde ugariren babesarekin sortu den ekimenak Ikastolen Elkartea du bultzatzaileetako bat, eta ikastolak gogotsu arituko gara, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskararen erabilera areagotzeko xedez.

Iragan irailaren 20an abiatu zen Euskaraldian izena emateko epea, eta bi egun geroago, Atarrabian, ikastola guztiok konpromisoa hartu genuen ekimena bultzatzeko, Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldia kari.

Ordutik ikastolak buru belarri dabiltza lanean euren herri eta auzoetan. Euskaraldia ahalik eta eraginkorrena gerta dadin. Eta Euskaraldiari hasiera emateko hilabete bat falta dela, indartzen ari gara hitzordurako grina.

11 egunetik, urte osora

Hamaika eguneko ekimena da Euskaraldia, eta bertan ‘ahobizi’ edo ‘belarriprest’ izateko aukera zabaltzen du. Ikastolok ‘ahobizi’ izango gara, eta komunitateko kide guztiok ere bai, edo gutxienez ‘belarriprest’.

Hamaika egun dira, bai, baina ikastolon xedea urteko 365 egunetara hedatzea da. Eta badakigu ez gaudela bakarrik. Euskaraldiaren bitartez, euskararen erabilera etxean nahiz kalean, lanean zein aisialdian, areagotu nahi da; frogatu nahi da uste baino aukera gehiago ditugula euskaraz aritzeko, eta uste baino jende gehiagok dakiela edo ulertzen duela euskara. Eta erabilera areagotzea denon esku dagoela.

Informazio gehiago: Euskaraldia

Etiketak: