Eskola bidea

Bermeon martxan daukagu ‘Eskola Bidea’, herriko umeek etxetik eskolara modu iraunkor, seguru eta osasuntsuan joan eta etortzeko sortu den ibilbidea. Horren bidez, inguru berean bizi diren umeak elkartu eta elkarrekin joango dira eskolara eta baita kiroldegira ibilgailu pribatuak erabili barik.

Eleizalde ikastolak ‘Eskola bidea’ egiteko diru laguntza bat lortu ondoren, proposamena aurkeztu zuen Udalean ekimen hori udalerriko beste ikastetxe guztietara zabaltzeko. Horrela, ikastetxe guztiak, Bermeoko kirol patronatuarekin eta Udalarekin batera lanean hasi ziren ‘Eskola bidea’ proiektua errealitate egiteko.

Eskola Bidea zelan egin eta abantailak
Eskola Bidearen sustatzaileek azaldu dutenez, garrantzitsua da jakitea zelan egin behar den eskola bidea. Ildo horretan, zehaztu dutenez, ezinbestekoa da taldean, losatik eta seinaleei adi egitea. Era berean, zebrabideetan arreta handia ipini behar da eskolara heldu arte. “Gainera, alai eta pozik joango dira umeak lagunekin gozatzen”, azpimarratu dute; izan ere, “asko dira ‘Eskola Bidea’ ekimena eskaintzen dituen abantailak”.
Abantailei dagokienez, honako hauek aipatu dituzte sustatzaileek: Bermeo herri iraunkor, seguru eta biziagoa lortuko dugu; bizitza aktiboagoa eta osasuntsuagoa bultzatuko dugu, eskolarako bidean kirola egitea lortuko dugulako. Gainera, herria seguruagoa izatea lortuko dugu; izan ere, zenbat eta auto gutxiago, orduan eta arrisku, zarata eta kutsadura txikiagoa kalean. Horrez gain, umeen autonomia handituko da eta umeen arteko harremanak landuko dira, bidean lagun berriak egin eta ondo pasatuko dutelako.